Publikoa eta Pribatua. HITZA 2016-VI-10

Publikoa eta pribatua

Ikastolok izanik euskal hezkuntzaren eta Euskal Herriko eskola publikoaren aitzindari eta defendatzaileak, ulergaitza egiten zaigu hainbeste lagunek egiten duten ahalegin eskuzabalak eta desinteresatuak hain inguru hurbilean izatea etsairik handiena.

Salatu nahi dugu publikotasuna ulertzeko era sektario hori, baita herriko kaleetan bultzatu den «publiko-pribatu» eztabaida faltsu, maltzur eta nahitakoa ere. Ze, edozein laguntza ukatu nahian, «zuek pribatuak zarete» aurpegiratzen digutenek, zer esan nahi dute? Ez garela gobernuarenak? Bada, ez gara! Herritar talde zabala gara, eta herrira zabalik dagoen proiektua da gurea, zerbitzu publikoa ematen duena, kooperatiba eran antolatua, onura publikokoa izendatua dagoena, inongo aberasteko asmorik ez duena, eta Euskal Herri osoan euskara eta euskal kulturan heztea bermatzen duena.

Gure ateak ez daudela edonori zabalik? Horrela hitz egiten duena gezurretan dabil. Horren lekuko gure instalazioak ordutegiz kanpo erabiltzen dituztenak eta, oro har, edozein asmorekin gure atea gurutzatu duten guztiak.

Dirudienez, hezkuntza eredu desberdinen praktika, garapen eta kontrastearen ordez, diru publikoaren banaketa bihurtu da batzuen jardunaren motorra. Honela ba, izan daitezela kontsekuenteak: ONGak, gaztetxeak, konpartsak, Hitza, AEK, DYA, Caritas, Isuntza… erakunde ofizialen jabegokoak ez diren heinean, ez dute herritar guztion zergetatik datorren dirua eskuratzeko inongo eskubiderik!

Diru publikoa interes publikoei erantzuteko da, ez titularitate publikoko egiturak mantentzeko soilik. Eta interes publikoari nork erantzuten dion hobeto eztabaida genezake, autoeratutako hezkuntza sistema batek ala bestelako batek; zeinek erabiltzen eta, askotan, xahutzen duen diru gehiago; zeinek duen berrikuntzarako eta hobekuntzarako sen handiagoa; zeinek duen lotura handiagoa herriaren eta herritarren beharrekin. Gure bokazio publikoa ukatzen duena ez al da aitzakiatan ari pribilegioak galtzeko beldurrak eraginda?

Ez zaigu komeni herri ekimenek duten aginte erakundeen kontrol eta kontrapisu izaera ahaztea. Gizarte baten aberastasun sozialaren eta dinamismo kolektiboaren adierazgarri ere badira. Zigilu ofiziala bihurtu behar al dugu kalitate erakusgarri bakarra?

Elkarbizitza baketsuaren oinarria albokoa errespetatzea da, bakoitzari lana bere erara egiten uztea. Gure aldetik, Ikastolaren proiektu herrikoia, publikoa, aurrerakoia, euskalduna, berdintasunezkoa eta giza balioetan oinarritua bizirik mantentzeko, lanean jarraitzeko asmoa dugu, euskalduntasunaren alde. Egiten ari garena ezinbestekoa dela sinesten dugu eta.

Eñaut Apaolaza eta Iñigo Eiguren.
Hitza, 2016-VI-10

X