Ikasle Profila

Norbere buruarekiko arduratsuak, libreak, ekintzaileak eta aurrera egitekoak, jarrera zientifikodunak, sortzaileak, hiztun eleaniztunak, euskaldunak, artearekiko sentikorrak, parte hartzaile aktiboak eta giza eskubideekin konprometituak izango dira gure ikasleak hemendik irtetean.
Dokumentazio gehigarria: 

Ikastolatik irtetean ikastolako ikasleak izatea nahi dugun profila landu dugu, horren arabera ikastetxean zer eta nola landu erabakitzeko. 

Ikastolatik irtetean, izango naiz...

Difinizioa (zer, nola zertarako)

  • Neure buruarekiko arduratsua: … Nire osasun- eta bizi- ohiturak zainduko ditut, neure burua onartuko dut eta nire emozioak erregulatuko ditut, bizi ohitura osasungarriak ezagutuz eta hartuz, neure buruarekin eta besteekin hobeto sentitzeko eta bizi-kalitate hobea izateko.
  • Librea: … Neure buruaren jabe izango naiz, eta, horretarako, modu kritikoan eskuratu eta erabiliko ditut beharrezko ezagutzak, trebetasunak, jarrerak eta balioak, bizitzako egoeretan erabakiak hartzeko eta nire bizitza-proiektua eraikitzeko.
  • Ekintzailea eta aurrera egitekoa: ... Ekintzak planifikatu, gauzatu eta ebaluatuko ditut, jakin-mina, iniziatiba eta irmotasuna erakutsiz eta ekina izanik, bizitzan zehar etengabe ikasten jarraitzeko eta erronka pertsonalei zein kolektiboei aurre egiteko.
  • Jarrera zientifikoduna: … Zientziaren jakintzan eta metodologian oinarrituko naiz erabaki egokiak hartzeko, informazioa zientifikoki analizatuz, aplikazio zientifiko eta teknologiko nagusiak modu jasangarrian erabiliz eta fenomeno naturalak zein sozialak interpretatuz eta balioetsiz, betiere gizartearen ongizateari ekarpena egiteko.
  • Sortzailea: … Ideia berriak bilatu, eta proiektu berriak garatuko ditut, iniziatibarekin eta jokabide eta jarrera etiko eta malguak erakutsiz, pertsona gisa garatzeko eta gizarte bidezkoagoa /justuagoa eraikitzeko.
  • Hiztun eleaniztuna: … Euskaldun eleaniztuna izango naiz, gutxienez hiru hizkuntzak ( euskara, gaztelania eta ingelesa) zuzen eta eraginkor erabiliz ahoz zein idatziz, nire pentsamenduak, iritziak, azalpenak eta bizitzako eremu desberdinetako mezuak ulertzeko eta modu eraginkorrean adierazteko.
  • Euskalduna: … Euskararen eta euskal kulturaren eusle, sustatzaile eta bultzatzaile izango naiz, gurea baloratuz, zainduz eta erabiliz eta euskaldunak ez direnak guregana erakarriz, gure identitatea, hizkuntza eta kultura zaintzeko eta iraunarazteko.
  • Artearekiko sentikorra: … Sentikortasun eta adierazpen artistikoa garatuko ditut, lengoaia ezberdinak ezagutuz, landuz, erabiliz eta aintzat hartuz, (plastika, musika, dantza, dramatizazioa, literarioak, ...)  nire sentimenduak, ideiak, proposamenak, beharrizanak...eraginkorki adierazteko, eta haiekin gozatzeko eta gozarazteko. 
  • Parte hartzailea aktiboa: ... Erantzukizunez, elkartasunez eta elkarlanean ikasi eta lan egingo dut ikastolan, herrian eta gizartean, arlo sozial, politiko eta ekonomikoari buruzko oinarrizko jakintzak eskuratuz eta era kritikoan erabiliz, gizartean eragiteko.
  • Giza eskubideekin konprometitua: … Giza eskubideetan oinarritutako printzipio etikoekin eta elkarbizitzarako oinarrizko  arau sozialekin bat datozen jokabideak izango ditut, gizartearen aniztasuna (sexu-, gaitasun-, kultura-, erlijio- …aniztasuna) aintzat hartuz, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez gatazkei irtenbideak bilatzeko eta kalitatezko elkarbizitza izateko.

 

X