Jantokia

Jangela osasuntsuagoa, gertukoagoa, bidezkoagoa eta hezitzaileagoa eratzeko lanean ari gara. Ikasleek, leku atsegin eta lasaia aurkitzea nahi dugu eta janariarekin duten harremana egokia izatea. Gainera, ekonomia zirkularra ardatz hartuta, nagusiki bertoko produktu ekologikoz hornitutako sukaldea dugu.
Dokumentazio gehigarria: 

Ikastolaren hezkuntza proiektuko balore eta printzipioak lantzeko gunea dugu jantokia. Eta balore horiek praktikan jartzeak jantoki ekologiko eta autogestionatu baten aldeko apustua egitera eraman gaitu.

Apustu horrek,

  1. Kontsumo arduratsua bultzatzea
  2. Baserritarraren eta Ikastolaren arteko harreman zuzena sustatzea
  3. Lea Artibain, edo inguruan, ekoiztutako sasoiko elikagai ekologikoak erabiltzea
  4. Bertoko ekonomia sustatzea dakar.

​Ibilbide berri hau bere fruituak ematen ari da eta gaur egun esan dezakegu produktu gehiena inguruko ekoizleena eta ekologikoa dela. Hauen artean: Barazkiak (Kalabaza, kalabazina, tomatea, letxuga, patatak, porruak, tipulak, brokolia, azalorea, asak), fruta (kiwia, sagarrak, madariak, laranjak), haragia (oilaskoa, solomoa),Ondarroako arrain freskoa, esnekiak (jogurra, gazta, esnea) eta arraultzak.

Argi daukagu Azkue Ikastolan elikadurak gure ikasleen hezkuntzaren parte inportantea dela. Honen lekuko da jantokiak azken urteetan izan duen bilakaera: Janariaren eta hornitzaileen autogestioa, irakasle bat jartzea jarraipena egiteko, nutrizionista bat jartzea menuak egiten eta ikasle arduradunak jantokian. Aurrerantzean ere ildo berean lanean jarraituko dugu ikasleak elikaduraren garrantziaz jabetu eta harreman natural bat eratzeko asmoarekin.

Jantokiaren helburua ez da “elikatzea” soilik. Autonomia, jateko ohitura kulturalak eta harremanak garatzeko ere balio dezake. Horregatik, esploraziorako eta esperimentaziorako gune ere izan daiteke (elkarrizketekin, koloreekin, zaporeekin, usainekin, eta abarrekin). Gainera, haurren beharrizanak behar bezala ase ahal izateko trataera pertsonalizatua eskainiko zaio haur bakoitzari eta jateko arazoak dituztenak zapore berriak dastatzera animatuko ditugu zigorra erabili gabe. Azkenik,  jarraipen berezia duten ikasleekin kontu handia izan ohi dugu (alergiaren bat,etxera jan dutenaren erregistroa...).

Urtero legez, jangela zerbitzua ikasturte hasierarekin batera hasiko da martxan eta hilabetero berton ikusgai izango duzue asteroko menua eta afari proposamena.

Bazkideen jantoki erabilera

Orain arte bezala, umeen urtebetetze jaiak eta lagunarteko edota familiarteko ospakizunak egiteko Ikastolako jantokia erabili daiteke. Horretarako, idazkaritzan erreserba egin behar da idazkaritzan eta behar denean giltza eskuratu. Horretaz gain, pertsonako euro 1eko kuota ordaindu beharko dute erabiltzaileek.

Antolaketa eta arauak:

  1. Sukaldea ezin da erabili; beraz, janaria kanpotik ekarri behar da. Janaria berotu behar izanez gero, jantokian dagoen mikrouhina erabil daiteke.
  2. Talde bakoitzak jantokia garbitu beharko du, berau aurkitu bezala uzteaz arduratuz: Mahaiak eta tresnak zeuden modura utzi behar dira, erratza eta lanbasa pasa behar da eta lohiak kanpora atera behar dira.
  3. Umeak gurasoen ardurapean daude. Jantoki barruan edo patioan egon daitezke baina ez Ikastola barruan jolasten.
  4. Ikastola barruan ezin daitekeela erre.
  5. Ikastolaren irekiera eta itxiera talde antolatzailearen ardurapean gelditzen da. Zehaztasun gehiago jakiteko edota erreserba egiteko idazkaritzara hurbildu!

 

 

 

X