Eskola kirolaren inguruko solasaldia izango da ostegunean Ikastolan

Garrantzia berezia ematen diogu Eskola-Kirolari Azkue Ikastolan, etxeko txikiak txikitatik kirol aukera ezberdinak ezagutu eta praktikatzeko aukera izatea ezinbestekoa iruditzen zaigulako.

Gainera, osasun ohitura onak eskuratzeaz aparte, eskola-kirolaren bitartez, adin hauetan kirolak helburu hezigarriak ditu eta horrek garatzen ari diren izaeran eragina dauka. Kirolaren bitartez, harremanetan konpetenteak izateko eta norbere beldur eta emozioak kudeatzen ikasteko hainbat balore eskuratzen dituzte, horregatik eta aste honetan ezagutuko ditugun beste hainbat arrazoi tarteko ikastolan Eskola-Kirolaren aldeko hautua egiten dugu.

 

Aurten Ibilaldia ospatuko dugu Lekeition, eta azaroan, Ibilaldiko egitarauaren barnean, Eskola Kirolari tarte berezia egin nahi izan diogu. Hori dela eta, azaroaren 26tik abenduaren 2ra, eskola kirolaren inguruko hainbat ekintza antolatu ditugu. Ekintza nagusia azaroaren 29rako antolatutako hitzaldia izango da. Bertan, eskola kirolaren garrantziaz berbetan arituko dira: Luix Mari Zulaika, Pedagogian doktorea eta gorputz hezkuntzako irakasle espezialista EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean; Eneko Landa eta Ane Kano EKAP (Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma) plataformako kideak. Mahaingurua Asier Txakartegi Bizkaia Irratiko aurkezleak gidatuko du eta 18:00etan izango da Lekeitioko Azkue Ikastolako jantokian.

 

Aipatutako hitzaldian eskola kirolaren ezaugarriez berba egingo dute adituek eta horrek gure haurrengan daukan eraginaz. Horretaz gain, beste herri batzuetako esperientziak ere ekarriko dituzte Landa eta Kanok.

 

Multikirol saioak ere bereziak izango dira aste honetan. Izan ere, goi mailan aritzen diren Gernikako saskibaloi eta rugbiko kirolariak etorriko dira multikirol saioetara eta beraiek prestatutako ariketa saioaren ostean gaztetxoek nahi dituzten galderak egiteko aukera izango dute.

Bukatzeko, abenduaren 2an, eta eskola kirol asteari bukaera berezia emateko, LH 1-2-3-4 mailetako ikasleek eta beraien familiako kideak jarriko ditugu elkarrekin kirola egiten. Horrenbestez igandeko topaketa berezian familiako kide guztiek elkarrekin biodantza, hokeia, atletismoa eta elkarlaneko jolasak eta frogak egiteko aukera izango dute.

 

X