Ikastolako barne beka sistema finantzatzeko erabiliko da azokan lortutako dirua

Asteburuan antolatutako bigarren eskuko azokaren balorazio positiboa egin du Azkue Ikastolak. Herritar ugarik parte hartu dute antolatutako tailer, kontzertu eta ekitaldietan. Horretaz gainera, ikastolako komunitateko kideek egindako lanari esker lortutako etekin ekonomikoa ere handia izan da. Azokako irabaziak ikastolako barne beka sistema finantzatzeko erabiliko dira.

Aipatu beka hauek bigarren urtez eskainiko ditu Lekeitioko Ikastolak eta beharrizan gehien duten familiak izango dira onuradunak. ‘Ikastolak propio sortutako beka sistema honen helburua, Eusko Jaurlaritzaren laguntza osatzea da, sarritan laguntza honekin ez da nahikoa izaten eta Ikastolak gabezia horri erantzuna eman nahi dio sistema berri honekin’ azaldu du Ainara Ikaran ikastolako lehendakariak.

Asteburuan gabonetako gehiegizko kontsumoari alternatiba eskaintzeko azokaz gain, etxeko txikientzako birziklapen tailerrak ere izan ziren. Bertan, birziklatutako materialarekin beraien bitxi eta jostailu propioak egiteko aukera izan zuten gaztetxoek. Horretaz gain, musika eta jan edana ez ziren falta izan azokak iraun zuen bitartean.

Elkarlana
Ikastolak antolatutako beste hainbat ekintza moduan, asteburu honetan izandako azokaren arrakastak ere izen bakarra dauka, talde lana. Izan ere, hasieratik bukaera arte zeregin guztien ardura ikastola osatzen duten komunitateko kideena izan da. ‘Beste behin ere eskerrak ematea dagokigu, guraso, irakasle, ikasle-ohi eta ikasleek osatutako talde sendoa da gurea, eta honek egindako lanari esker egin genitzake asteburukoa moduko ekitaldi ederrak, eskerrik asko beraz’ azaldu du Maitena Egia ikastolako gurasoak antolaketa lanetan ibili diren guraso taldearen izenean. 

X