Ibilaldi eguneko ekarpenei esker kanpo espazioa eta DBH egokituko ditu Azkue Ikastolak

Ibilaldi egunean eta ondorengo egunetan Euskal Herriko hainbat txokotatik jasotako ekarpenei esker, aurten kanpo espazioa eta DBH egokituko ditu Azkue Ikastolak. Orain arte, HH, LH eta jolastokiko eremu bat eraberritu dute, baina aurrerantzean orain arte moduan, guraso eta ikasleekin batera beste guztia egokitzeari ekingo dio ikastolak.  ‘Ikastolan aspalditik eraldaketa prozesu batean murgilduta gaude, metodologia berriak espazioak ere horretara egokitzea dakar, eta apurka apurka horretan ari gara’ azaldu du Ibon Goitia zuzendariak.

Dagoeneko piraten txalupa zegoen eremua garbitu dute, horretarako auzolana baliatuz, eta gune berriaren diseinu lanak ere hasi dituzte. ‘Gaian adituak eta arituak diren hainbat gurasorekin elkarlanean ari gara espazio berriaren diseinua lantzen, ikasleen premiak aintzat hartuta sormenari eta naturari behar duen eremua emateko asmoz’ azaldu du Goitiak. Berrikuntzen artean besteak beste, 0-2 urteko umeentzako espazioa egokituko da jolastoki berrian, hauek mugimendu askerako gunea izango dute beraz.

Horretaz gain, DBHko konpetentzietan oinarritutako metodologiara egokitzeko, hainbat espazio aldatuko dira. ‘Metodologia berriekin lanean denbora daramagu baina lan egiteko modu honek, espazioaren eraldaketa eskatzen digu:espazio malguak, gardenak, komunikazio egoeretarako egokia,...’ azaldu du Ritxi Abrilek DBHko irakasleak.

X