Skip to main content

Ikastolaren sorrera

1964an sortu zen Lekeitioko Ikastola; Hasierako urte haietan Beheko kaleko etxebizitza batean eman ziren egungo ikastola eraikitzeko lehen urratsak, ume taldetxo bat eta irakasle batekin. Ez zen hasiera erraza izan eta Guardia Zibila, inspekzioak... gogor estutu zuten Lekeitioko Ikastolako hastapenak. Horren eraginez, urte berean Apalloa eta Arranegi kalera mugitu behar izan zuten Ikastola. Azkenik, hainbat ate jo ondoren, Eleiz-Etxera sartu ziren eta bertan Elizaren babesean 1967. urtera arte iraun zuten. Urte horretan, ikastolako kideek Gizarte Etxeko behe solairua hartu eta herritarren lan eta ekarpenei esker, ikasgela txukun bat atondu zuten bertan.

1975ean San Jose Kolegioko lokalak hartu ziren, nahiz eta ikasle nagusienak Gizarte Etxeko goi solairuan gelditu ziren. Ordurako guraso taldea indartuta zegoen eta edifizio berri bat egin behar zela pentsatu zuten, euskal kultura eta hizkuntza bultzatzeko erakunde sakon eta indartsu bat sortuz.
 

R. Mª Azkue Guraso Kooperatiba 

Lekeitioko herritarren ekarpen, ilusio eta lanari esker, 1980an guraso kooperatiba sortu zen. Urte horretan, Atea kaleko eraikuntza eginda zegoen eta bertara igaro ziren; une honetan Ikastola kokatuta dagoen leku berera. Ordutz geroztik ikastolak hazten joan da, sarritan espazio falta ere izan dugu eta horri konponbidea eman guran modulu aurrefabrikatuak (1988.urtea) eta Mertzedarioetan (1993.urtea) gela batzuk ere alokatu ziren. Azkenik 2006. urtean egun DBH-ko eraikina dena eraiki zen.

Ibilaldia LekeitionIbilaldia Haratzago

Lehenengoz 1983an antolatu zen Ibilaldia Ondarroako Zubi Zahar Ikastolarekin batera. Bata eta besteko herritarren inplikazioa berebizikoa izan zen jaiaren antolakuntzan. 1998an berriz Ondarroak hartu zuen Bizkaiko Ikastolen festa antolatzeko testigua eta eskualdeko bi ikastolek elkarlanean antolatu zuten jaia.

Orduz geroztik 2005 eta 2019an ospatu da Ibilaldia Lekeition eta 2012an Ondarroan.